Skip to main content
01

Arrainak eta itsaskiak Atik Zra:

Erreboiloa

Rodaballo :: Elikadura-propietateak

Elikadura-propietateak

Erreboiloa arrain erdigantzatsua da, eta testura, zapore eta digestio errazagatik, urdail delikatua duten pertsonen dietan sartzen da, baita gehiegizko pisua dutenen dietan ere, baldin eta ongailu gantzatsuak gehiegi ez hartzeko ardura hartzen badu. Balio biologiko handiko proteinen tarteko edukia du.

B2, B3 eta B12 bitaminen edukia hutsaren hurrengoa da beste arrain batzuek daukatenaren aldean, eta are gutxiago mantenugai horietan aberatsak diren elikagaiekin alderatuz gero. Aipamen berezia merezi duena B9 da, arrain gehienek baino ugariago daukana. Bitamina hau beroarekiko sentikorra denez, kozinatzean bere presentzia nabarmen murrizten da.

Mineralei dagokienez, potasioa, fosforoa eta selenioa nabarmentzen dira, eta magnesioa eta burdina ere dezente ematen dute. Potasioa beharrezkoa da nerbio-sistemarako eta muskuluen jarduerarako, eta zelularen barruko eta kanpoko uraren orekan parte hartzen du. Fosforoa hezur eta hortzetan dago, nerbio-sisteman eta muskuluen jardueran esku hartzen du, eta energia lortzeko prozesuetan. Selenioa antioxidatzailea da, eta gantzen metabolismoan eta sistema immunologikoan ere parte hartzen du.

Magnesioa hestearen, nerbioen eta muskuluen funtzionamenduarekin erlazionatzen da, hezur eta hortzen parte izateaz gain. Immunitatea ere hobetzen du eta eragin laxante leuna du. Burdina beharrezkoa da hemoglobina sortzeko; proteina horrek oxigenoa biriketatik zelula guztietara garraiatzen du, eta ekarpen egokiak anemia ferropenikoa prebenitzen du.

Gainerako arrainekin alderatuta, honek sodio asko du (114 mg 100 gramoko). Hala ere, mineral horretan aberatsak diren beste elikagai batzuekin alderatuz gero, hala nola gaztekin (500-1000 mg 100 gramoko) edo arrain-kontserbekin (500-800 mg 100 gramoko), erreboiloan dagoen sodio kantitatea ez da hain garrantzitsua.

Konposizioa zati jangarriaren 100 gramoko - 2019ko datuak / BEDCA
Kaloriak98
Proteinak (g)16,1
Gantzak (g)3,6
Burdina (mg)1
Magnesioa (mg)20
Potasioa (mg)290
Fosforoa (mg)192
Sodioa (mg)114
Selenioa (mcg)36,5
B2 edo erriboflabina (mg)0,14
B3 edo niazina (mg)5,5
B9 edo azido folikoa (mcg)10
B12 edo zianokobalamina (mcg)2

mcg = mikrogramoak