Pescados y mariscos de la A a la Z:
Karpa

Calendario de temporada
Sarrera
Karpa edo karpa arrunta Ziprinidoen familiako espezie bat da, Cypriniformeen ordenakoa. Ur gezatako arraina da, Txinakoa jatorriz. Gaur egun, Europa osoko ibai eta lakuetan dago. Barboa eta karpina familia berekoak dira.
non arrantzatzen da?
Karpa Europa eta Asiako gune bero guztietan dago. Ibai emaritsuen beheko tarteetako espezie tipikoa da, baita urtegi eta aintziretakoa ere. Ur lasaiak gustatzen zaizkie, korronte ahulekoak, landaretzan aberatsak eta hondo lohitsua dutenak. Oso oxigeno gutxiko urak jasan ditzake, oso tenperatura altukoak eta nahiko poluzio-maila altukoak.
Espezierik ezagunenak
Karpa arruntaz gain (Cyprinus carpio), karpa espezie desberdinak daude, eta baita karpa horretatik hurbil dauden arrainak ere, baina familia berekoak izan arren, ez dira genero berekoak. Karpa-espezie ezagunenen artean hauek nabarmentzen dira:
Larruzko karpa edo karpa hutsa (Cyprinus nudus). Karpa honek ez du ezkatarik.
Ispilu-karpa (Cyprinus specularis). Oso ezkata gutxi ditu, baina tamaina handikoak eta urre-kolorekoak.
Tenka (Cyprinus tinca). Haragi bigunezko karpa, lokatza gogorarazten duen gustua duena.
Belar-karpa (Ctenopharyngodon idell). Arrain hau ez da karparen genero berekoa, baina bai familia berekoa. Bere gorputz luzanga ezkata handiz estalita dago.
Zilarrezko karpa (Hypophthalmichthys molitrix). Arrain mardula da, eta bizkarraldea pixka bat altxatuta dauka.
Karpa harroa (Hypophthalmichthys nobilis). Aurrekoaren antzekoa da, baina badu desberdintasun bat: begiak oso atzean ditu eta ahoa zeiharra du.
Carpín (Carassius auruatus). Arrain hau askotan karparekin nahasten da, nahiz eta honen tamaina txikixeagoa izan eta, karpan ez bezala, ahoan ez duen barbiloirik.
Ezaugarriak
- Forma: Karpak gorputz trinkoa du, luzanga, alboetan estutua eta gorputz osoa estaltzen duten ezkata handiekin.
- Gutxieneko neurria: 18 cm.
- Kolorea: Kolore aldakorra du; karpa basatiak nabar berdexkak dira bizkarraldean eta alboetako goiko aldean, eta tonu hori urrekara dute sabelean. Hegatsak ilunak dira. Urmaeletan landatutako karpak urre-kolorekoak dira, apaingarri gisa hazten baitira.
- Luzera eta pisua: Karpak ia metro bateko luzera izan dezake eta 30 kilo inguruko pisua. Hala ere, ohikoena da 70 cm ingurukoa izatea eta 5 kilo inguru pisatzea.
- Elikadura: Karpa arrain orojalea da, eta, beraz, elikagai begetalak ditu, hala nola zurtoinak, hostoak eta uretako landareen haziak, bai eta animaliak ere, besteak beste, zizareak, moluskuak, intsektu-larbak edo krustazeo txikiak.