Skip to main content
Los niños y los pescados :: Arraina prestatzeko modu erakargarriak

Arraina prestatzeko modu erakargarriak

Arrain-zopak

Eltzekariaren osagai den arrainak saldari zaporea eta mantenugai ugari ematen dizkio.

Arrain-zopa bero batek gorputza epeltzen du, eta interesgarria izan daiteke haurra neurririk gabe edo jateko gogorik gabe iristen denean etxera. Plater energetikoa izan dadin, pasta fina (fideoak, izarrak...), arroza, semola edo patata egosia, arrain xehatua bota dakioke.

Arrainarekin egindako lehen plater "sendoak"

Paella itsas aingirarekin, zapoarekin eta ganbekin; arroza txipiroiekin; makarroiak sardina eta tomatearekin, espagetiak atunarekin; hegaluze-lasagna; patatak hegaluzearekin (marmitakoa)... Hauek dira plater zerrenda amaigabea osatzen duten errezeten izenak, non begetalak eta itsasoko produktuak konbinatuz plater trinko, nutritibo eta orekatua lortzen den. Horiekin, arraina lotu egiten zaie haurrek oso estimatuak dituzten beste elikagai batzuei, hala nola pastari, arrozari edo patatei.

Entsaladak, entsaladillak

Atuna edo kontserbako hegaluzea entsaladekin nahastuta jateko ohitura dute neska-mutil askok. Hori bera egin daiteke gainerako kontserbekin ere (antxoak, sardinak), eta hainbat zaporetako entsaladak sor daitezke. Itsaski kontserbak (olagarroa, muskuiluak, berberetxoak...), entsaladan edo aperitibo gisa eskaini daitezke. Edo txitxi-burruntzi moduan aurkez daitezke, arraina jatea dibertigarriagoa gerta dakien. Adibidez: otarrainxka brotxeta, olagarroa eta cherry tomateak.

Arrain-flanak

Elikagai hau jateko modu original bat. Hotzak edo beroak zerbitza daitezke, eta oso ondo konbinatzen dira barazkiekin; hala, plater askotarikoagoak, ikusgarriagoak, zaporetsuagoak eta elikagarriagoak sortzen dira. Hona hemen zenbait iradokizun: zainzuri- eta ganba-flan hotza, krabarroka-budina, izokin-pastela... eta gehiago aurkituko duzu gida honetan.

Platerak betetzea: piperrak, kroketak, enpanadillak, arrautzak

Janari-hondarrak aprobetxatzeko edo arraina sartu eta zaporea disimulatzeko modu bat. Menua eta plateren aurkezpena aldatu egiten dira, eta lortu nahi dena lortzen da: haurrek arraina jatea eta horren zaporera ohitzea. Kopuru handiagoa egin daiteke eta izoztu egiten da, eta horrek lagundu egiten du bazkari edo afari bat inprobisatzen.

Tortillan

Arrautzopilak edo arraina daramaten nahaskiak zaporetsuak eta oso nutritiboak gertatzen dira.

Bakailao-tortilla, baratxuri freskoen edo espinaka eta ganben nahaskia, atunarena, sardinena edo antxoena... horiek dira bazkari edo afarietarako eskaintzen diren iradokizunetako batzuk.

Ogitartekoan

Hestebeteak dira haurrek ogitartekoan sarrien hartzen duten elikagaietako bat, eta opilak ere eguneko gai-zerrendan daude. Beraz, oso aukera nutritiboa, osasungarriagoa eta gozagarria izan daitekeena kontserbako arrainekin ogitartekoak prestatzea da, adibidez, atun edo hegaluze ogitartekoa eta tomate xerrak; atun eta gazta; sardina eta olio tanta batzuk edo gurin pixka bat; antxoa eta gazta; begetala atunarekin edo antxoekin; izokin ketua gazta finekin; hegalabur bustia eta patea; atun mojama. Gustua hezigarria da, beraz, inoiz ez da berandu zapore berriak probatzeko. Harritu!

Etxeko pizzak

Pizzetan arrain zati txikiak sartzea pizzetako beste osagai bat da, eta hain preziatua dute haurrek, elikagai horren kontsumoa sustatzeko beste modu bat da. Kontserbako arraina, ketua, izoztua edo plantxan prestatua erabil daiteke. Barazkiekin konbinatuz gero, oso plater osatua eta orekatua lortzen da. Atun pizza, sardina edo antxoekin, izokin ketuarekin, marinera (zapo zatiak, ganbak eta karramarro makilatxoak)... dira aukeretako batzuk.