Skip to main content
Toxiinfecciones alimentarias relacionadas con el pescado :: Sareetatik mahaira

Sareetatik mahaira

Harrapaketa- edo ekoizpen-eremuetan zenbait arriskuri aurrea hartzea, batzuetan, oso zaila da. Natura ez da erraz aldatzen, eta arrantzako produktuetan modu naturalean dauden agente patogenoak (bakterio patogeno batzuk, parasitoak, biotoxinak) beti egongo dira presente, nahiz eta kutsadura kimikoa eta fekala (bakterio patogeno batzuk eta enterobirusak) nolabaiteko kostuarekin prebenitu daitezkeen.

Neurri hauek hartu behar dira kontuan: uraren kalitatea ona den lekuetan arrantzan egitea, higiene- eta tenperatura-baldintza egokiak izan ditzaketen ontziak izatea, harrapaketa- eta prestaketa-praktika egokiak egitea kutsadura kimiko edo biologikoak saihesteko, arrantza-eremuak kontrolatzea eta monitorizatzea alga toxikorik eta gorozki-kutsadurarik egon ez dadin.

 

Akuikulturan, agintari eskudunek zaindu eta baimendu behar dute kokalekua, eta funtsezkoa da ekoizleak pentsuen kontrola ikuskatzea eta ekoizpen-jardunbide egokiak hartzea, arrainek hondakinik izan ez dezaten.

Elikagaiek eragindako toxiinfekzioak

Arraina eta arrantza-produktuak prozesatzean, hauek dira prebentzio-oinarriak: elikagaien segurtasuna babesteko sistemak erabiltzea, arriskuen eta kontrol-puntu kritikoen analisiaren metodologiaren segimendua eginez eta ekipo eta instalazioen diseinu higienikoa eginez, prozesatzean denbora eta tenperatura behar bezala kontrolatuz, garbiketa eta desinfekzioa kontrolatuz eta manipulazio-jardunbide egokiak erabiliz.

Fase garrantzitsu bat produktuaren banaketa da. Fase horretan, funtsezko faktore bat da hotz-katearen mantentze-lanak zorrozki kontrolatzea merkatuetara banatzen den bitartean. Halaber, garrantzitsua da elikagaien segurtasunari buruzko beharrezko informazioa ematea elikagaiak biltegiratu, manipulatu eta kozinatzeko ardura duen pertsonari, kontuan izanik arrantzako produktuek eragindako elikadura-toxiinfekzioen arazo handienetako bat dela elikagai horiek gordinik edo gutxi egosita kontsumitzea.

Gainera, etiketatze-arauak hobetu egin behar dira. Otsailaren 26ko 331/1999 Errege Dekretuan, arrantzako produktu freskoak, hoztuak edo egosiak normalizatu eta tipifikatzeari buruzkoan, ontzi edo enbalajearen etiketan hainbat zehaztapen adierazi beharra ezartzen da, besteak beste, jatorrizko herrialdea, harrapaketa-modua, kalibrea, espeziearen izendapen zientifikoa eta komertziala, pisu garbia, eta, oso garrantzitsua dena, freskotasun-kategoria eta data.