Skip to main content
01

Arrainak eta itsaskiak Atik Zra:

Izokina

Salmón :: Elikadura-propietateak

Elikadura-propietateak

Izokina arrain urdina edo koipetsua da, eta 12 gramo gantz ematen ditu 100 gramo bakoitzeko, sardinek, txitxarroak edo atunak dutenaren antzekoa. Gantzak omega-3 ugari du, eta horrek lagundu egiten du kolesterol eta triglizerido plasmatikoen mailak jaisten, eta, gainera, odolaren jariakortasuna handitzen du, eta horrek eragotzi egiten du odolbilduak edo tronboak sortzea. Hori dela eta, herritar guztiei gomendatzen zaie izokina maiz jatea, eta, bereziki, bihotz-hodietako arazoak dituztenei. Izokina balio biologiko handiko proteina-iturri bikaina da, gainerako arrainek bezala.

Bitaminei dagokienez, B multzokoak diren batzuk nabarmentzen dira, hala nola B1, B3, B6, B9 eta B12. Horien bidez, energia-nutrienteak aprobetxa daitezke, hau da, karbohidratoak, gantzak eta proteinak, eta garrantzi handiko prozesuetan esku hartzen dute (globulu gorriak sortzea, material genetikoaren sintesia, nerbio-sistemaren eta defentsa-sistemaren funtzionamendua, etab.). Nolanahi ere, bitamina horien kopurua ez da oso handia mantenugai horietan aberatsak diren beste elikagai batzuekin alderatuz gero.

Izokinak koipe asko duenez, E eta D bitamina liposolubleen kantitate interesgarriak ditu. E bitaminak dituen funtzioen artean, eragin antioxidatzailea nabarmentzen da, hau da, zenbait endekapenezko gaixotasunen, gaixotasun kardiobaskularren eta minbiziaren aurkako babes-faktorea da. D bitaminak odoleko kaltzio-maila erregulatzen du, eta mineral hori hezurretan xurgatzen eta finkatzen laguntzen du.

Mineralei dagokienez, potasio, fosforo eta selenioa ez ezik, magnesioa eta iodoa ere ematen ditu, proportzio txikiagoan. Batez beste, arrain gehienek baino burdina gutxiago izaten dute. Potasioa beharrezkoa da nerbio-sistemarako eta muskuluen jarduerarako, eta zelularen barruko eta kanpoko uraren orekan parte hartzen du. Fosforoa hezur eta hortzetan dago, nerbio-sisteman eta muskuluen jardueran esku hartzen du, eta energia lortzeko prozesuetan. Selenioa antioxidatzailea da, eta gantzen metabolismoan eta sistema immunologikoan ere parte hartzen du.

Magnesioa hesteen, nerbioen eta muskuluen funtzionamenduarekin erlazionatzen da. Hezur eta hortzen parte ere bada, immunitatea hobetzen du eta eragin laxante leuna du. Iodoa ezinbestekoa da tiroideak ondo funtziona dezan, baita fetua hazi eta garuna garatzeko ere.

Izokinak badu eragozpen bat arrain urdin guztiekin partekatzen duena: purina-edukia da, organismoan azido uriko bihurtzen baitira; hori dela eta, hiperurizemia edo hezueria izanez gero, izokinaren kontsumoa mugatzea gomendatzen da. Gainera, izokin keztatuak eta arrabek freskoarekin alderatuta duten sodio-edukia ere nabarmendu behar da, kontserbatzaile gisa gatza erantsi zaielako; 1880 mg eta 1500 mg sodio ematen dute. Hori dela eta, bai keztatzea eta bai arrabak ez dira komeni hipertentsioa izanez gero edo likidoen erretentzioarekin lotutako bestelako nahasmenduak izanez gero.

Konposizioa zati jangarriaren 100 gramoko - 2019ko datuak / BEDCA
Kaloriak182 
Proteinak (g)18,4 
Gantzak (g)12 
*G. aseak (g)2,16 
*G. monoasegabeak (g)5,43 
*G. poliasegabeak (g)3,1 
Burdina (mg)0,7 
Magnesioa (mg)26 
Potasioa (mg)310 
Fosforoa (mg)250 
Sodioa (mg)98 
Iodoa (mcg)28,3 
Selenioa (mcg)20 
B1 edo tiamina (mg)0,2 
B2 edo erriboflabina (mg)0,15 
B3 edo niazina (mg)10,4 
B6 edo piridoxina (mg)0,75 
B9 edo azido folikoa (mcg)26 
B12 edo zianokobalamina (mcg)5 
A bitamina (mcg)13 
D bitamina (mcg)8 
E bitamina (mg)2 

mcg = mikrogramoak