Skip to main content
01

Arrainak eta itsaskiak Atik Zra:

Lanproia edo lanparda

Lamprea :: Sarrera

Sarrera

Itsas lanproia (Petromyzun marinus) Petromyzonidae familian sailkatuta dago, Petromyzoniformes ordenaren barnean. Aingiraren antzeko itxura du. Hala ere, aingirak ez dituen zazpi zulo ditu begien azpian.

Non arrantzatzen da?

Lanproia espezie anadromo bat da, hau da, itsasoan bizi da, baina ibaian ugaltzen da. Oro har nahiago ditu emari handiko ibaiak, ur argi eta oxigenatuak dituztenak, ur lasterrak baino. Ibaiaren beheko eta erdiko tarteetan egoten da. Itsas lanproia Ipar Atlantikoan ibiltzen da igerian, ozeanoaren bi aldeetan. Hala ere, hesi artifizialak ugaritu direnez eta itsasoa kutsatu denez, haren banaketa-eremua nabarmen murriztu da.

Iberiar penintsulan, Guadiana, Ebro eta Guadalquivir ibaien ubideetan kontserbatzen da, baita Galizia eta Asturiasko kostaldean ere.

Espezierik ezagunenak

Itsas lanproia (Petromyzun marinus) ez ezik, badira beste espezie batzuk ere, hala nola ibai-lanproia, lanproi txikia eta Kaspioko lanproia.

Ibai-lanproia (Lampetra fluviatilis). Mendebaldeko Europako kostaldean bizi da. Espezie hori gero eta urriagoa da, eta zalantzan jartzen da egon ote daitekeen. Itsas lanproiaren oso antzeko itxura du. 50 zentimetro inguruko luzera hartzen du. Errekako lanproiak larruazaleko muki toxiko bat du, eta prestatu aurretik kendu behar izaten da, larruazalarekin batera.

Lanproi txikia (Lampetra planeri). Oso arrain txikia da; izan ere, gure ibaietako arrainik txikienetakoa da. Ibai eta erreka txikietan bizi da.

Kaspioko lanproia (Caspiomyzon wagneri). Kaspioko kostaldeko uretan bizi da. Bere haragia pozoitsua da eta tratamendu berezia behar du prestatu aurretik.

Ezaugarriak

  • Forma: Lanproiak aingiraren antzeko gorputz luzanga du, eta bentosa-formako aho bereizgarria.
  • Gutxieneko neurria: Gutxieneko neurria ez dago ezarrita, baina 20 cm-koa izan ohi da.
  • Kolorea: Hainbat koloretakoak izan daitezke, baina gehienetan bizkar horixka edo arre berdexka izaten dute, orban argi eta ilunekin. Sabelaldea kolore argikoa du. Ugalketa-garaian, arrek abdomena more izaten dute, eta bizkarrean gandor bat.
  • Luzera eta pisua: Itsas lanproia, tamaina handienekoa, metro bateko luzerara irits daiteke. Hala ere, ohikoena da 60 eta 90 cm bitarteko tamaina izatea. Haren pisua ez da 2 kilo eta erditik gorakoa izaten.
  • Elikadura: Lanproiak elikadura-ohitura bitxia du. Beste arrain batzuei itsasten zaie, eta elikatzeko behar dituen gorputzeko fluidoak xurgatzen dizkie. Beraz, itsasoko arrain eta ugaztunen kanpoko parasitoa da.