Skip to main content
01

Arrainak eta itsaskiak Atik Zra:

Lanproia edo lanparda

Lanproia edo lanparda :: Bitxikeriak eta nola prestatu

Bitxikeriak eta nola prestatu

Sukaldaritza tradizionala

Lanproiak oso haragi estimatua du, baina ez da oso arrain ezaguna, ezta gehiegi kontsumitua ere. Hala ere, eskualde batzuetan, Galizian adibidez, plater tradizionalak egiteko erabiltzen da; besteak beste, Galiziako lanproi-enpanada, lanproia kazolan eta, jakina, lanproia Bordeleko erara (Miñoko lanproia ere esaten zaio plater horri).

Galiziako lanproi-enpanada: Lanproiaz gain, errezeta honetan ezinbestekoak dira tipula, baratxuria, perrexila eta ardo beltza.

Lanproia kazolan: Lanproia kazola batean prestatzen da, tipula, ardoa, espeziak eta gatzarekin batera. Aurkezpena osatzeko, ogi-zarakar frijitu batzuekin zerbitzatzen da.

Lanproia Bordeleko erara: Errezeta ezagun hau egiteko, lanproia bere odoletan prestatzen da eta ogi-puska batzuekin laguntzen da. Horretarako, prestatu aurretik, lanproia bizirik dagoela odolustu behar da buztanean ebaki bat eginez.

Portugalen, lanproiak ere paper garrantzitsua du sukaldaritzan. Kasu honetan, beti kozinatzen da ardoarekin.

Bitxikeriak

Lanproia gehienez hiru urtez egoten da ozeanoan, hau da, heldutasun sexuala lortu arte. Ale helduak ibaira joaten dira, behin bakarrik ugaltzeko, eta ugaldu eta gutxira hiltzen dira, ibaian bertan edo itsasora bueltan.

Nola prestatu

Erreta, egosita, frijituta, ur irakinetan eginda, salteatuta eta zopetan oinarrizko osagai gisa ere presta daiteke. Goarnizioak (itsaskiak, barazki erreak edo salteatuak eta saltsak) ere hartzen ditu, eta oso gozoa da.

Lanproia adobatuta ere presta daiteke, eta, hala, zapore bizia eta oso atsegina lor daiteke.

Garrantzitsua da jakitea prestatu aurretik beharrezkoa dela buztanean ebaki bat egitea odolusteko. Haragia egosita, marinatuta edo gisatuta presta daiteke ardo zuri edo beltz batekin.

Enpanadak egitea da lanproia prestatzeko modurik zaporetsuenetako bat. Marinel-erara ere oso goxoa geratzen da (lapikoan egosita, perrexil, piperbeltz, gatz eta ardoarekin), baita arrautzaz betea ere. Egosita lortzen den salda gurin eta irin pixka batekin nahas daiteke ligatzeko. Horrela, arrainaren gainetik botatzen den saltsa lortzen da. Bai lanproi-enpanada eta bai lanproia marinel-erara Galiziako gastronomiatik ekarritako platerak dira, eta benetako adituak dira plater horiek prestatzen.

Hala ere, gaur egun, lanproia ez da asko jaten, gero eta urriagoa baita.