Arrainak eta itsaskiak Atik Zra:
Karpa

Denboraldiko egutegia
Bitxikeriak eta nola prestatu
Sukaldaritza tradizionala
Karpa arrain bat da, eta hainbat tokitako gastronomietako errezeten parte da. Txinan, Polonian, Afrikako herrialdeetan, denek dute karpa gustukoen dituzten platerak egiteko.
Karpa saltsa gazi-gozoarekin: Saltsa gazi-gozoa da txinatarrek hainbat plateri laguntzeko duten modua. Karpa prestatzeko modurik tipikoenetako bat da, eta, erre ondoren, Txinako gastronomiaren ezinbesteko goarnizioa izaten da.
Labean erretako karpa, errefau minekin: Errezeta hau Poloniako gastronomia tradizionalaren parte da. Oso erraz egiten da. Aski da karpa erretzea eta errefau minez laguntzea goarnizio gisa.
Avivaren "Guefilte fish": Jaki hau Afrikako Iparraldeko sukaldaritzarena da. Egiteko, arrain-bola txikien karpari forma eman behar zaio, eta tipula, ogi-mamia, arrautza, azenarioa eta gaseosarekin egindako goarnizio batekin lagundu.
Karpa judutar erara: Karpa tipula eta baratxuriarekin prestatzen da. Zerbitzatzeko orduan, bota kaiena pixka bat eta osagaiak egosita lortzen den saltsa. Karpa judua beti hotz dastatzen denez, arraina hozkailuan utzi beharko da gutxienez ordubetez.
Hungariar erako karpa: Errezeta honetan, karpa txerri gantzarekin kozinatzen da eta tipula, tomatea eta piperrarekin laguntzen da. Osagaiak egosita lortzen den saltsa krema garratzarekin lotu daiteke. Platera ardo-zorrotadatxo batekin busti eta papprikarekin (piperrauts gozoa) ondu.
Bitxikeriak
Karparen arrabak oso preziatuak dira eta horiekin kabiar gorri suzedaneo bat egiten da. Maionesa eta gurinarekin zerbitzatu ohi da, edo gordinik, arrautza nahasien ondoan.
Arraba horiek asko kontsumitzen dituzte juduek, erlijio arrazoiengatik ezin dutelako benetako kabiarra hartu, hau da, gaizkataren arrabak.
Nola prestatu
Karpa oso zapore ona eta testura leuna duen arraina da, eta prestatzeko era asko ditu. Arraina prestatu aurretik, garbitu egin behar da, eta ur gazitan jarri, hiru bat orduz; horixe da buztin zapore arina kentzeko modu bakarra.
Karpa bat presta daiteke labean erreta, txingarretan erreta, frijituta, erregosita, egosita edo lurrunetan egosita.
Arrain hori platerean laguntzeko orduan, aukera asko daude, garagardo-saltsa batekin edo ardo beltzarekin prestatutako saltsa batekin ondo egokitzen delako, baita arrainekin ondo konbinatzen diren beste saltsa batzuekin ere (aliolia, maionesa, tartariarra, saltsa berdea…). Karpa azafrai puntu batekin prestatu eta txirlekin batera joz gero, edo tipula batzuen ondoan joz gero, zapore eta usain nahasketa gustagarria lortzen da.
Aukera ona da, halaber, karpan perrexil frijituarekin goarnizio xume baina zaporetsu bat jartzea, edo arrain hori modu landuagoan prestatzea, adibidez, antigoaleko erara. Errezeta honetan, karpa gurinarekin eta ardo beltzarekin prestatzen da, eta juliana eran moztutako barazki batzuekin (tipula, piperra...) laguntzen da, urdaiazpiko ondu zatitxo batzuekin. Arrainari azken ukitua emateko, hainbat belar usaintsuz (ezkaia eta erramua, adibidez) hautseztatzen da platera.
