Arrainak eta itsaskiak Atik Zra:
Arraia

Denboraldiko egutegia
Elikadura-propietateak
Arraia arrain zuria da, oso koipe gutxikoa: 100 gramo zati jangarrik 1,26 gramo gantz ematen dute. Ez du proteina kantitate handirik, baina balio biologiko handikoak dira, aminoazido esentzial guztiak baitituzte.
Arraiak bitaminak eta mineralak ere ematen ditu. Bitaminen artean, B multzokoak daude, hala nola B3, B6 eta B12. Azken hori haragi eta esneki gehientsuenak baino dezente ugariago da. B3 bitaminaren ekarpen egokia beharrezkoa da organismoak elikagaien mantenugaietatik (karbohidratoak, proteinak eta gantzak) energia lortzeko. Sexu-hormonen ekoizpenean eta glukogeno-sintesian (gibeleko eta muskuluko glukosa-erreserba) parte hartzen du. B12 bitaminak, bere aldetik, funtzio garrantzitsuak ditu, bere ekarpen egokia ezinbestekoa baita globulu gorrien heltzerako, material genetikoaren eraketarako eta neuronen funtzionamendu egokirako. Arraiak A bitamina ere badu, baina kopuru hori ez da oso nabarmena beste arrain batzuek dutenarekin alderatuz gero. Bitamina horrek mukosak, azala eta gorputzeko beste ehun batzuk mantentzen, hazten eta konpontzen laguntzen du. Infekzioei aurre egiten laguntzen du, eta beharrezkoa da nerbio-sistemaren garapenerako eta gaueko ikusmenerako. Hezurren hazkundean, gibeleko entzimen ekoizpenean eta sexu-hormonen eta giltzurrungaineko hormonen ekoizpenean ere parte hartzen du.
Mineralei dagokienez, potasioa, fosforoa eta selenioa dira ugarienak. Hala ere, beste arrain batzuen edukiarekin konparatuz gero, ikusten da arraiak mineral horien batez besteko kopuruak dituela.
Azpimarratzekoa da sodio asko duela (90 miligramo 100 gramoko), baina mineral horretan aberatsak diren beste elikagai batzuekin alderatuta, hala nola gaztekin (500 -1000 miligramo 100 gramoko) edo arrain-kontserbekin berekin (500-800 miligramo 100 gramoko), egiaztatu da arraian dagoen sodio kantitatea ez dela garrantzitsua.
| Konposizioa zati jangarriaren 100 gramoko - 2019ko datuak / BEDCA | |
| Kaloriak | 98 |
| Proteinak (g) | 20,56 |
| Gantzak (g) | 1,26 |
| Burdina (mg) | 0,75 |
| Magnesioa (mg) | 30 |
| Potasioa (mg) | 250 |
| Sodioa (mg) | 90 |
| Fosforoa (mg) | 155 |
| Selenioa (mcg) | 36,5 |
| B2 edo erriboflabina (mg) | 0,01 |
| B3 edo niazina (mg) | 5,85 |
| B6 edo piridoxina (mg) | 0,37 |
| B12 edo zianokobalamina (mcg) | 6 |
| A bitamina (mcg) | 3 |
mcg = mikrogramoak
