Skip to main content
01

Pescados y mariscos de la A a la Z:

Txitxarroa

Jurel o chicharro :: Elikadura-propietateak

Elikadura-propietateak

Txitxarroa arrain urdina da, hau da, arrain koipetsua. Zehazki, 100 gramo zati jangarrik ia 2 gramo gantz ematen dute. Gantz hori omega-3 gantz-azidotan aberatsa da, eta odoleko kolesterol- eta triglizerido-mailak murrizten laguntzen du -aterosklerosia izateko arriskua murrizten da-, bai eta tronboak sortzeko arriskua ere. Dietan txitxarroa eta beste arrain urdin batzuk agertzea gomendatzen da, horien gantzaren kalitateari esker bihotzeko eta odol-hodietako gaixotasunak izateko arriskua murrizten laguntzen baitute. Txitxarroa balio biologiko handiko proteina-iturri ona da, eta bitamina eta mineral kopuru interesgarriak ditu. B multzoko bitaminen artean, B2, B3, B6 eta B12 nabarmentzen dira, nahiz eta bitamina horien edukia hutsaren hurrengoa den mantenugai horietan aberatsak diren beste elikagai batzuekin alderatuz gero (osoko zerealak, lekaleak, garagardo legamia, gibela eta haragia, oro har). B2 bitaminari dagokionez, ugariagoa da arrain urdinetan zurietan baino, eta B3 bitaminaren eduki bikaina du. Era berean, B12 bitamina kopuru handietan agertzen da, eta arrautzek, esnekiek eta haragi askok dutena baino handiagoa da.

Oro har, B multzoko bitamina horiek aukera ematen dute mantenugai energetikoak aprobetxatzeko (karbohidratoak, gantzak eta proteinak), eta hainbat prozesu organikotan parte hartzen dute, hala nola globulu gorrien eraketan, material genetikoaren sintesian edo nerbio-sistemaren eta defentsa-sistemaren funtzionamenduan. Arrain gantzatsua denez, txitxarroa A, D eta E bitamina liposolubleak ditu, batez ere gibelean eta muskuluan. D bitaminak lagundu egiten du kaltzioa xurgatzen eta hezurrean finkatzen, eta erregulatu egiten du odoleko kaltzio-maila; A bitaminak lagundu egiten du mukosak, azala eta gorputzeko beste ehun batzuk mantentzen, hazten eta konpontzen. Era berean, infekzioei aurre egiten laguntzen du eta beharrezkoa da nerbio-sistemaren garapenerako eta gaueko ikusmenerako. Hezurren hazkundean, gibeleko entzimen ekoizpenean eta sexu-hormonen eta giltzurrungaineko hormonen ekoizpenean ere parte hartzen du. E bitaminak garrantzi berezia du organismoko lipidoen antioxidatzaile gisa.

Mineral-osaerari dagokionez, potasioa, fosforoa eta selenioa dira ugarienak, eta burdina eta magnesioa, proportzio txikiagoan; hala ere, kopuru hori arrain gehienen antzekoa da.

Potasioa nerbio-sistemaren eta muskuluen jardueraren funtzionamendurako beharrezkoa den minerala da, eta zelularen barruko eta kanpoko uraren orekan parte hartzen du. selenioa antioxidatzailea da, eta gantzen metabolismoan eta sistema immunologikoan ere parte hartzen du.

Fosforoa hezur eta hortzetan dagoen minerala da, eta zelulen barruko eta kanpoko uraren balantzean eta nerbio- eta muskulu-jardueran laguntzen du, baina, horrez gain, energiaren erabileran ere parte hartzen du.

Magnesioa hesteen, nerbioen eta muskuluen funtzionamenduarekin erlazionatzen da, hezur eta hortzen parte izateaz gain. Immunitatea ere hobetzen du eta eragin laxante leuna du. Txitxarroa iodo-iturria da, baina, magnesioarekin gertatzen den bezala, gainerako arrainen antzeko kopuruetan agertzen da. Iodoa ezinbestekoa da tiroide guruinaren funtzionamendu egokirako, funtzio ugari erregulatzen baititu, baita fetuaren hazkunderako eta garunaren garapenerako ere. Arrain honek burdina dauka, baina haragiek baino gutxiago, oro har. Burdina beharrezkoa da hemoglobina sortzeko; proteina horrek oxigenoa biriketatik zelula guztietara garraiatzen du, eta ekarpen egokiak anemia ferropenikoa prebenitzen du.

Arrain urdin guztiek bezala, txitxarroak ere purina ugari izaten ditu, eta organismoan azido uriko bihurtzen direnez, ez da komeni horiek hartzea hiperurizemia edo hezueria izanez gero.

Konposizio zati jangarriaren 100 gramoko - Datuak 2019 / BEDCA
Kaloriak112
Proteinak (g)15,7
Gantzak (g)1,97
Burdina (mg)1
Magnesioa (mg)31
Iodoa (mg)10
Potasioa (mg)420
Fosforoa (mg)157
Selenio (mcg)36,5
B1 edo tiamina (mg)0,14
B2 edo erriboflabina (mg)0,3
B3 edo niazina (mg)4
B6 (mg)0,16
B12 edo zianokobalamina (mcg)10
A bitamina (mcg)36
E bitamina (mg)1,3
D bitmamina (mcg)16

mcg = mikrogramoak