Skip to main content
01

Pescados y mariscos de la A a la Z:

Sardina

Sardina :: Elikadura-propietateak

Elikadura-propietateak

Sardina arrain urdina edo gantzatsua da -ia 8 gramo gantz dauka 100 gramo bakoitzeko, eta omega-3 ugari dauka, kolesterol eta triglizerido maila jaisten laguntzen duena eta odolaren jariakortasuna areagotzen duena, aterosklerosia eta tronbosia nozitzeko arriskua arinduz. Hori dela eta, sardinak eta bestelako arrain urdinak jatea komeni da bihotz-hodietako eritasunetan. Proteina-edukia ere handia da.

Bitaminen artean, B multzokoak daude, hala nola B2, B3, B6 eta B12 bitaminak, zeinak aukera ematen baitute mantenugai energetikoak aprobetxatzeko (karbohidratoak, gantzak eta proteinak). Garrantzi handiko prozesu askotan parte hartzen dute, hala nola globulu gorrien eraketan, material genetikoaren sintesian, hormona sexualen ekoizpenean, etab.

Sardinak A, D eta E bitamina liposolubleen kopuru adierazgarriak ere baditu. Lehenak mukosak, azala eta gorputzeko beste ehun batzuk mantentzen, hazten eta konpontzen laguntzen du. Infekzioei aurre egiten laguntzen du, eta beharrezkoa da nerbio-sistemaren garapenerako eta gaueko ikusmenerako. Hezurren hazkundean, gibeleko entzimen ekoizpenean eta sexu-hormonen eta giltzurrungaineko hormonen ekoizpenean ere parte hartzen du. D bitaminak, berriz, kaltzioa xurgatzen eta hezurrean finkatzen laguntzen du, eta odoleko kaltzio-maila erregulatzen du. E bitaminak garrantzi berezia du organismoan lipidoen antioxidatzaile gisa.

Mineralei dagokienez, sardinak fosforoa eta selenioa ditu, eta potasioa, magnesioa eta burdina, berriz, kopuru txikiagoetan. Fosforoa hezur eta hortzetan dago, nerbio-sisteman eta muskuluen jardueran esku hartzen du, eta energia lortzeko prozesuetan parte hartzen du. Selenioa antioxidatzailea da, eta gantzen metabolismoan eta sistema immunologikoan ere parte hartzen du.  

Potasioa nerbio-sistemarako eta muskuluen jarduerarako beharrezko minerala da, eta zelularen barruko eta kanpoko uraren orekan parte hartzen du. Magnesioa hestearen, nerbioen eta muskuluen funtzionamenduarekin lotzen da, eta, gainera, hezur eta hortzen parte da, immunitatea hobetzen du eta eragin laxatzaile leuna du. Burdina beharrezkoa da hemoglobina -oxigenoa biriketatik zelula guztietara garraiatzen duen proteina- sortzeko, eta bere ekarpen egokiak anemia ferropenikoa prebenitzen du.

Sardinaren iodo-edukiari dagokionez, esanguratsua da, nahiz eta beste arrain-espezie batzuetan ugariagoa den. Mineral hori ezinbestekoa da tiroide-guruinak ongi funtziona dezan, funtzio metaboliko ugari erregulatzen baititu, bai eta fetuaren hazkuntza eta garunaren garapena ere.

Latako sardinek kaltzio asko dute, hezurrarekin batera jaten direlako. Zehazki, 314 miligramo kaltzio ematen dituzte 100 gramoko.

Sardinak osasunari dakarkion kaltea hiperurizemia edo hezueria nozitzen dutenek bakarrik nozitzen dute, organismoan azido uriko bihurtzen diren purina kopurua dela medio.

Konposizio zati jangarriaren 100 gramoko - Datuak 2019 / BEDCA
Kaloriak140
Proteinak (g)18,1
Gantzak (g)7,5
*G. saturatuak (g)2,64
*G. monoasegabeak (g)1,8
*G. poliasegabeak (g)2,28
Burdina (mg)1,1
Magnesioa (mg)29
Potasioa (mg)24
Fosforoa (mg)475
Zinka (mg)0,5
Selenio (mcg)100
Iodoa (mg)16
B1 edo tiamina (mg)0,12
B2 edo erriboflabina (mg)0,38
B3 edo niazina (mg)6,4
B6 edo piridoxina (mg)0,96
B9 edo azido folikoa (mcg)8
B12 edo zianokobalamina (mcg)8,5
A bitamina (mcg)64
D bitmamina (mcg)8
E bitmamina edo tokoferola (mcg)1,6

mcg = mikrogramoak