
Manipulazioa eta kontserbazioa
Arrain hoztua
Saltokian, arraina hoztuta eduki behar da. Jendaurrean jarritako arrainak izotzez estalita edo inguratuta egon behar du, arrainaren asaldura-zantzuak harrapatu eta hamar bat ordura agertzen baitira, gutxi gorabehera, non eta ez den oso tenperatura baxuetan egon. Arrainak plastikozko gauzekin eta landare hostoekin (aza, letxuga) edo perrexilarekin apaintzea ez da higienikoa. Ezpurutasunak edo germenak atxiki ditzakete, eta azkarrago hondatu.
Arraina erosi eta egun berean edo biharamunean kontsumitzen bada, lehenbailehen garbitu eta hozkailuko gunerik hotzenean gorde behar da. Pieza osoak edo handiak zapi garbi eta heze batean bilduta hoztu daitezke; pieza txikiak edo zati txikitan ebakitako arraina, berriz, ontzi estali baten gainean jarriko dira, kutsadura gurutzatua saihesteko.
Hozkailuan, arrain freskoa egoera ezin hobean egoten da 2 egunez.
Arrain izoztua
Arrain izoztua erosketa bukaerarako utziko da. Izoztuentzako poltsa isotermo bereziak daude, hotz-katea hausten ez dela ziurtatzen dutenak. Izoztutako arrainaren ontziaren gainean izotz txikia egoteak adierazten du uneren batean hotz-katea hautsi zela, eta, beraz, arrain izoztuak kalitatea galdu duela.
Etxera iristean, izoztuak izozkailuan gorde daitezke, edo hozkailuan, bi egun baino lehen kontsumitu behar badira.
Arraina desizozteko, hozkailuan egin behar da, eta ez giro-tenperaturan edo uretan sartuta.
Arrain gihartsuak eta zapal izoztuak luzaroago kontserbatzen dira (6 hilabete inguru) gantzatsuenak baino. Azken hauek ez dute ongi onartzen izoztea, prozesuan zehar gantza zaharmindu egiten delako eta elikagaiaren zaporea eta itxura aldatu egiten direlako.
Arrain ketua, kontserbak eta erdi-kontserbak
Arrain keztatua plastikozko ontzi hutsetan edo hermetikoki itxitako lata edo ontzietan merkaturatzen da, eta hozkailuan gorde behar da beti. Izoztu ere egin daiteke. Arrain batzuei, hala nola antxoei eta arrain-arrabei, tratamendu termiko eskasa ematen zaie mikrobioak suntsitzeko, eta hotzetan gorde behar dira beti, 6º C-tik beherako tenperaturan. Erdi-kontserbak deitzen zaie. Hori ez da gertatzen kontserbekin, giro-tenperaturan egoera ezin hobean mantentzen baitira.
Bai arrain ketua bai latakoa, ontzia ireki ondoren, ontzi itxi batean eta hozkailuan gorde behar dira 2-4 egunez. Produktu horien etiketan iraungitze-data edo kontsumo-data gomendatua adierazi behar dira. Baztertu egin behar dira usainaren edo kolorearen alterazio-zantzuak dituzten kontserbak, irekitzean gasa askatzen dutenak eta deformazioak, sabeldura edo oxidazioa eragiten dutenak.