Skip to main content
01

Pescados y mariscos de la A a la Z:

Aingira eta angulak

Anguila y angula :: Elikadura-propietateak

Elikadura-propietateak

Aingira da koipe gehien duen arraina. Arrain urdina da, eta 15 gramoko gantz-edukia du jan daitekeen 100 gramoko. Arrain urdinek ez bezala, aingiraren gantzak omega-3 gantz-azidoen portzentaje txikia du. Arrain honetan, dena den, ugari dira gantz azido saturatugabeak (monoasegabeak eta poliasegabeak), saturatuak baino gehiago; beraz, bihotzeko arazoren bat izanez gero ere komeni da horiek jatea. Dena den, kontuan hartu behar da gantz asko daukala, eta hori kaloria asko hartzea da, are gehiago olio askorekin edo bestelako gozagarri koipetsuekin prestatuz gero. Proteinen edukia oso handia ez izan arren, balio biologiko handikoak dira.

Aingirak ere hainbat bitamina eta mineral ditu. Bitaminen artean, B multzokoak nabarmentzen dira, hala nola B1, B2, B6 eta B12. Aingirak dira B1 bitamina gehien ematen duten arrainetako bat, baina kopuru hori eta bitamina hori ugari duten elikagaiek (haragiek, lekaleek eta osoko zerealek) dutena alderatzen baditugu, ikusiko dugu aingirak duen bitamina-kopurua ez dela oso handia. B2 bitamina gehien duen arraina aingira da. Bitamina horren edukia B2 bitamina iturritzat hartzen diren elikagaiek dutenaren antzekoa da, hala nola arrautzek, gibelak edo esnekiek. Oro har, bitamina horiek energia-nutrienteen (karbohidratoak, gantzak eta proteinak) aprobetxamendua ahalbidetzen dute. Garrantzi handiko prozesu askotan parte hartzen dute, hala nola globulu gorrien eraketan, material genetikoaren sintesian, hormona sexualen ekoizpenean, etab.

Arrain koipetsua denez, aingirak bitamina liposolubleak ere baditu, hala nola A, D eta E bitaminak, gibelean eta giharretan metatzen direnak. Horien artean, A eta E bitaminen presentzia nabarmentzen da. Hain zuzen, aingira da bitamina horietan arrainik aberatsena. A bitaminak mukosak, azala eta gorputzeko beste ehun batzuk mantentzen, hazten eta konpontzen laguntzen du. Infekzioei aurre egiten laguntzen du, eta beharrezkoa da nerbio-sistemaren garapenerako eta gaueko ikusmenerako. Hezurren hazkuntzan ere parte hartzen du, eta gibeleko entzimen eta sexu-hormonen eta giltzurrun gaineko hormonen ekoizpenean ere parte hartzen du. E bitaminak eragin antioxidatzaile handia du. D bitaminari dagokionez, ez da oso kopuru handietan ageri, beste arrain batzuen edukia kontuan hartuta.
mineralei dagokienez, aingirak, besteak beste, fosforoa, iodoa, zinka eta sodioa ditu.

Horietako bakar bat ere ez dago kopuru nabarmenetan, zinka izan ezik -aingira da mineral horretan arrainik aberatsena-. Zinkak parte hartzen du makronutrienteen metabolismoan (karbohidratoak, proteinak eta gantzak), sexu-organoen garapenean eta dastamenaren eta usaimenaren funtzionamenduan. Gainera, defentsa-sistemak ongi funtziona dezan laguntzen du, eta eragin antioxidatzailea du; hau da, babestu egiten du zenbait gaixotasun degeneratiboren, gaixotasun kardiobaskularren eta minbiziaren aurrean.

Fosforoa hezur eta hortzetan dago, nerbio-sisteman eta muskuluen jardueran eragiten du eta energia lortzeko prozesuetan parte hartzen du. Iodoak funtzio garrantzitsuak ditu organismoan, eta ezinbestekoa da tiroide-guruinak ongi funtziona dezan, funtzio metaboliko ugari erregulatzen baititu, bai eta fetua hazteko eta garuna garatzeko ere.

Nabarmentzekoa da sodio asko duela (89 miligramo 100 gramoko), baina mineral horretan aberatsak diren beste elikagai batzuekin alderatuta (adibidez, gaztak (500 -1000 miligramo 100 gramoko) edo arrain-kontserbak berak (500-800 miligramo 100 gramoko), aingirak duen sodio-kantitatea ez da garrantzitsua.

Aingiraren eragozpenik larriena purina kopurua da: organismoan purina horiek azido uriko bihurtzen direnez, hiperurizemia edo hezueria izanez gero, aingira kontsumitzea ez da aholkatzen.
angulen nutrizio-balioari dagokionez, aipatu behar da arrainkumeen eta helduen arteko alde bakarra, normala denez, jateko zatian dagoela; aingiraren jateko ez den zatia % 25ekoa da. Angula, aldiz, osorik jaten da.

Konposizio zati jangarriaren 100 gramoko - Datuak 2019 / BEDCA
Kaloriak219
Proteinak (g)19,97
Gantzak (g)15,52
*G. saturatuak (g)3,99
*G. monoasegabeak (g)7,03
*G. poliasegabeak (g)2,58
Burdina (mg)1,2
Potasioa (mg)270
Fosforoa (mg)310
Zinka (mg)2,5
Iodoa (mg)25
Sodioa (mg)89
B1 (mg)0,2
B2 (mg)0,35
B6 (mg)0,25
B12 (mcg)1
A bitamina (mcg)1200
D bitmamina (mcg)4,9
E bitmamina (mg)4,14

mcg = mikrogramoak